Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

BATUEKO ETA BELENGO ITURRIAK

Antzinako bide bat berreskuratuko dugu, mendeetan zehar olaztiarrek, San Joan gauean, Batueko iturrian udako solstizioa ospatzera joateko erabiltzen zutena. Ibilbidea desagertutako baseliza baten ondoan kokaturik dagoen Belengo iturritik ere pasatzen da. Burunda ibaia ondoan izango dugu eta haritz amerikarrez osatutako basoan barrena igaroko gara.

Distantzia: 5,9 kilometro
Malda: 120 metro
Ibilbidea egiteko denbora: Ordu 1 eta 45 minutu

San Migel elizatik abiatuko gara eta Koskobilorantz jaitsiko gara. Behin tunela pasatu ondoren, ezkerreko bidea hartuko dugu eta bide horretatik joango gara, trenbidearen paretik, berritutako Belengo iturrira iritsi arte.
Iturri honen ura Urbasatik dator. Han, euri-ura kareharrien pitzaduretatik pasatzean kareharriak disolbatzen ditu, eta ondorioz, uraren kare kopurua handitu egiten da. Grabitate-indarrak lagunduta ibarrerantz abiatzen da lurrazpitik, eta han zenbait iturburutatik ateratzen da: Belengo iturri honetatik adibidez.
Iturri honek bidearen bestaldean zegoen baselizari zor dio izena. Baseliza tenplu sendoa zen, harlaingaitzezko pareta lodi eta kontrahormak zituena. 1971. urtean, baseliza hondatzeko zorian zegoela ikusita, hura botatzea erabaki zuten. Baselizaren zenbait material parrokiako eliza konpontzeko erabili zen.
Bidea jarraitu eta Burunda ibaia gurutzatuko dugu, harrizko zubi eder batetik. Aurreraxeago, Ziordiko pistatik joanda, Alduiako edo Fandoilarko bideen artean hauta dezakegu gure jomugara heltzeko: Batuekoko iturria.

batueko1

Behin aldapa txiki bat igo ondoren, basoan sartuko gara. Haritzen artean eta erreka txiki bat edo beste pasatu ondoren, txangoaren amaierara iritsiko gara.

Batueko iturria
batuekoIturri honetako ura berezia da, usainarengatik nahiz zaporearengatik. Bestalde, ura erortzen den tokia zuri-zuri dago. Hori kaltzio eta magnesio sulfatoen prezipitazioen ondorioa da. Ur honek gatz mineral asko eta amonio, sodio eta materia organikoen kontzentrazio handiak ditu.

Olaztiarrek antzina-antzinatik ospatu dituzte erromeriak iturri honen inguruan. Lehen, San Joan bezperan, iturriraino igotzen ziren, herriko plazan suen gainetik salto egin ondoren. Batuekoko iturriaren ondoan suak piztu, eta iturriko urarekin prestatutako txokolatea jaten zuten. Azaleko gaixotasunen bat zuenak edota erreuma zutenek gorputza lohiarekin igurtzi edo ur horrekin garbitzen zuten. Gaur egun ere herriko kuadrillak Batuekora igotzen dira San Joan egunetik gertuen dagoen larunbatean.