Jadanik desagerturik dagoen Etxabarri familiaren zuraren industria eta Cementos Portland lantegia ezinbestekoak izan ziren Olaztiko jarduera industrialaren hasieran.
Herriaren kokapen ezin hobeak, Madril-Irun komunikazio ardatzean errepidez zein trenbidez, berebiziko garrantzia izan du Olaztiko hirigintza eta industria garapenean, bai eta azpiegituren garapenean ere.
Esan daiteke industria-sektorea dela herriko sektorerik garrantzitsuena. Izan ere, 2001eko zentsuaren arabera, lanean dauden herritarren erdiek baino gehiagok industria-sektorean egiten dute lan. Hauek dira azpisektorerik nabarmenenak: meatzaritza, eraikuntzako materialak eta metalurgia. Industria arlo desberdinetako afiliatuen kopurua aztertuz gero, honakoa ondorioztatzen da: %80 baino gehiagok manufaktura-industrietan lan egiten dute, %16k eraikuntzan eta %3ak erauzteko industrietan.
Enpresen kopurua 2009. urtean (industria jardueraren arabera):
- Lehengaien erauzketa: 2.
- Zementuaren ekoizpena eta eraldaketa: 3.
- Metalurgia: 8.
- Eraikuntza: 3.
- Elikagaien eraldaketa: 2.
- Zuraren eraldaketa: 3.
- Automozioa: 4.
- Iturgintza: 2.
- Muntaketa elektrikoak: 1.
Produkzio bolumenarengatik eta bertan lan egiten dutenen kopuruarengatik bi enpresa nabarmentzen dira: batetik, Cementos Portland Valderrivas, enpresa liderra zementugintzan eta, bestetik, Apoyos Metálicos, haize errotetarako dorreak egiten dituena.