Oso paisaia desberdinek osatzen dute Olaztiko ingurunea. Alde batetik, industriari lotutako aldea dugu. Bertan, Cementos Portland lantegi izugarria eta Egibil eta Aldoiar harrobiak ditugu, hegoaldean eta iparraldean, hurrenez hurren. Horiexek dira, zalantzarik gabe, herri honetako elementurik bereizgarrienak jende askorentzat.
Nolanahi ere, ukaezina da Olaztiko ingurunea berdea dela eta balio handia duela naturaren eta paisaiaren ikuspuntutik. Azaleraren % 60 baino gehiago basoa da, eta basoan bertako zuhaitzak -pagadiak eta hariztiak- dira nagusi. Lurraren % 30 belardiek, larreek eta soroek hartzen dute. Ezin da ahaztu, halaber, Olazti Urbasa mendiaren magalean dagoela. Urbasak dituen 11.400 hektareetan pagadiak eta mendi-larreak nagusitzen dira. 1997. urtean natur parke izendatu zuten.