Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

SANTA AGUEDA

Santa Ageda otsailaren 5ean ospatzen da eta festa handia da olaztiarrentzat, bereziki urtean 19 urte betetzen dituztenentzat. Bost egunez kintoak festako protagonistak izaten dira. Herriko auzokideek eta enpresek emandako dirua biltzen dute egun horiek ospatzeko. Festan ezinbestekoak dira txaranga, suziriak eta ardo zahatoa. Bai eta bazkari eta afari oparoak ere. Larunbatean, 19 urteko kintoez gain, gainerako kintoek ere ospatzen dute Santa Ageda eta oso giro berezia sortzen da herrian, beste festa batzuetan sortzen ez dena.

Duela hainbat urte, soldaduska egitera zihoazen gazteek baino ez zuten ospatzen kintoen festa. Ohitura hau duela hainbat urte aldatu zen eta gaur egun neskek eta mutilek batera ospatzen dute festa hau, berdintasunean.

Kintoen jantziei dagokienez, Santa Ageda ospatzen duten gazteek euskal jantzi tradizionala eramaten dute. Mutilek galtza urdin, alkandora zuria eta brusa beltzaren gainetik bizkarrean lotzen diren zapi koloretsuak janzten dituzte. Antza denez, antzina, soldaduska Afrikan egiten zutenek zapiak ekartzen zituzten handik hurrengo urteko kintoek janzteko. Kintoen beste elementu garrantzitsu bat makila da, koloretako zintekin eta brodatuekin apaindua. Neskek ere euskal jantzia eramaten dute eta kaikua, artilezko jaka urdina marrazki gorriekin.