Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

• Telefonia mugikorreko operadoreak belaunaldi berriko 4G eta 5G zerbitzu mugikorrak eskaintzen hasi dira OLAZTIn, 700 eta 800MHz-ko bandetan.

Telefónica, Vodafone eta Orange telefonia mugikorreko operadoreek iragarri dute datozen asteetan Olaztin ekingo diotela belaunaldi berriko 4G eta 5G telefonia mugikorreko zerbitzuak ezartzeko prozesuari, 800 eta 700 MHz-ko banden gainean, hurrenez hurren. Horri esker, olaztiarrek abiadura handiko konexio mugikorrez gozatu ahal izango dute, eta eraikinen barne-estaldura eta hedapen geografikoa handitu egingo dira.

Teknologia berriaren eta lurreko telebista digitalaren (LTD) arteko bateragarritasuna bermatzeko, operadoreek Llega700 erakundea jarri dute martxan, telebista-seinalea jasotzean gerta daitezkeen interferentziak konpontzeko.

Ezarpen-prozesua pixkanaka egiten ari da nazio osoan. Zerbitzu horiek zein herritan dauden aktibo jakiteko, esteka hau kontsulta daiteke: https://www.llega700.es/contacto_mapa.php

Hedapena urriaren 11ko 579/2019 Errege Dekretuan ezarritakoaren barruan sartzen da. Dekretu horretatik aurrera, ordura arte Lurreko Telebista Digitala jasotzeko erabiltzen ziren 694 eta 790 MHz bitarteko frekuentziak (UHFren 49. kanaletik 60.era bitartekoak) askatu ziren. Prozesu horri Bigarren Dibidendu Digitala ere esaten zaio. Ordutik aurrera, frekuentzia horiek telefonia mugikorreko operadoreei esleitu zitzaizkien, belaunaldi berriko telefonia mugikorreko zerbitzuak eman zitzaten.

Abantaila nagusiak: estaldura gehiago eta hobea

 Sare mugikor berriarekin, zerbitzu eta aplikazio berritzaileei ateak ireki zaizkie, eta, horrez gain, hobekuntza nabarmenak egin dira, bai deskargatzeko abiaduran, bai datuak bidaltzerakoan (argazkiak, musika edo bereizmen handiko ikus-entzunezko edukiak). Era berean, online aplikazioei ahalik eta etekinik handiena ateratzea ahalbidetu du, bideojokoei, esate baterako.

Belaunaldi berriko telefonia mugikorraren sareak funtsezko bi hobekuntza dakartza. Lehenengo hobekuntza orografia konplexuekin lotutako arazoak konpontzea da, leku horietan estaldurak huts egin ohi baitu. Bigarren hobekuntza da sistema berriaren gaitasun handia eraikinen barrualdean sartzeko.

Halaber, belaunaldi berriak enpresa-arloan eta administrazio publikoetan zerbitzu berriak sartzea ere errazten du, hala nola multimedia eduki handiko mugikortasuneko enpresa-aplikazioak edo bideo-deiaren erabilera, besteak beste.

Gainera, 700 eta 800 MHz-ko bandetan hedatzeak ematen duen estaldurak eraikinen barruko zerbitzua hobetuko du, eta zerbitzua modu eraginkorrean hedatzea ahalbidetuko duen banda izango da.

 Belaunaldi berriko sare mugikorraren eta LTDaren bateragarritasuna bermatuz

 Llega700 erakunde bat da, eta haren betebeharra da 800 eta 700 MHz-ko bandetan 4G eta 5G emisio mugikorra martxan jartzearen eta LTD zerbitzua jasotzearen arteko bateragarritasuna bermatuko duten zerbitzuak eskaintzea.

Bateragarritasun hori bermatzeko, Llega700 zerbitzuak doako zerbitzu batzuk ematen dizkie herritarrei, eta, horien artean, estazioak piztu ondoren prozedura zuzentzaile bat ezartzen da. Prozedura horren bidez, Llega700 erakundea eragindako erabiltzaileei arreta emateaz arduratuko da, eragin daitezkeen kalteak kudeatuz eta konponduz, inolako kosturik gabe.

Zerbitzu horiek kudeatzeko, doako arretarako telefono bat (900 833 999) eta web orri bat (www.llega700.es) jarri dira herritarren eskura.

Informazio gehiago:

prensa@llega700.es

@llega700