Flora
Olazti probintzia botaniko atlantikoan dago eta bertako basoetan hostozabal kaduzifolioak dira landarerik garrantzitsuenak. Horien artean, pagoa eta haritza nabarmentzen dira.
Zuhaiztiek 1.300 hektarea hartzen dituzte, hau da, baso-lurren % 83 eta udalerriaren % 66 (udalerriak guztira 1.960 hektarea ditu). Zuhaitzetatik hostozabalak dira ugarienak. Pagoak (820 hektarea) eta bertako haritza (152 hektarea) nagusi dira. Horietaz gainera, badaude alertzeak, larizio pinuak eta haritz amerikarrak ere.
Bestalde, zuhaitzik gabeko baso-lurrek 266 hektarea hartzen dituzte eta horietatik 177 hektarea belardiak dira.
Fauna
Hegaztiei dagokienez, udalerriko basoetako hegazti habiagileak aztertu dira azken urte hauetan eta 42 espezie aurkitu dira.
Olaztiko basoak aztertu ondoren, baso-hegazti hauek aurkitu dira (kopuruaren araberako ordenan): Txepetxa (Troglodytes troglodytes), txantxangorria (Erithacus rubecula), zozo arrunta (Turdus merula), txonta arrunta (Fringilla coelebs), gerri-txori arrunta (Certhia brachydactyla), kaskabeltz handia (Parus major), txinbo kaskabeltza (Sylvia atricapilla), eskinosoa (Garrulus glandarius), birigarro arrunta (Turdus philomelos), erregetxo bekainzuria (Regulus ignicapillus), txio iberikoa (Phylloscopus ibericus), amilotx urdina (Parus caeruleus), pinu-kaskabeltza (Parus ater), okil handia (Dendrocopos major), tuntur arrunta (Prunella modularis) eta garrapoa (Sitta europaea).
Zentsuetan gutxien ageri diren espezieak dekektatzeko zailtasun handia dago: aztore arruntarekin (Accipiter gentilis), gabirai arruntarekin (Accipiter nisus) eta belearekin (Corvus corax) hala gertatzen da. Beste batzuk, berriz, basoetan ez baizik eta beste habitat batzuetan bizi dira (ekotonoak, ibaiak edota alde irekiak), besteak beste: buztanikara horia (Motacilla cinerea), buztangorri iluna (Phoenicurus ochruros), pirripioa (Lullula arborea), mika arrunta (Pica pica), txoka arrunta (Carduelis cannabina) eta hesi berdantza (Emberiza cirlus).
Anfibioei dagokienez, basoetan egindako laginketetan bost anfibio espezie aurkitu dira: arrabio arrunta (Salamandra salamandra), uhandre palmatua (Lissotriton helveticus), apo arrunta (Bufo bufo), zuhaitz-igel arrunta (Hyla arborea) eta baso-igel gorria (Rana temporaria).
Olaztiko herri-basoan 11 saguzar espezie ikusi dira, hauek: Ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum), arratoi-belarri handia (Myotis myotis), ur-saguzarra (Myotis daubentonii), pipistrelo arrunta (Pipistrellus pipistrellus), kuhl pipistrelo (Pipistrellus kuhlii), Cabrera saguzarra (Pipistrellus pygmaeus), baratze saguzarra (Eptesicus serotinus), gau-saguzar txikia (Nyctalus leisleri), iparraldeko belarrihandi arrea (Plecotus auritus), schereibers saguzarra (Miniopterus schreibersii) eta saguzar buztanluzea (Tadarida teniotis).
Ehiza-animaliei dagokienez, usoak, basurdeak eta orkatzak dira espezie ohikoenak.