Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Pertsonaia Aipagarriak

GREGORIO IRIARTE (1925-2012)

1925ko azaroaren 28an Olaztin jaiotako erlijiosoa eta 2012ko urriaren 11n Cochabamban (Bolivia) zendua. 1950ean apaiztu zen “Ama Birjina Sortzez Garbiaren Oblatoak” erlijio-kongregazioko kide izanik.

1964an Boliviara iritsi zen Argentina eta Uruguaitik pasa ondoren. Boliviako diktadura garaietan meategietako langileak defendatu zituen Siglo XX meategiko Pío XII irratiaren bidez, Catavin, Potosí departamentuan. Giza Eskubideen Batzar Iraunkorreko fundatzaile izan zen eta baita arrazoi politikoengatik jazartutakoen babesle ere.

Diktaduretako gobernuek “gobernuaren etsaien laguntzat” hartu zuten eta hainbat aldiz herrialdetik bota zuten. Bera, ordea, behin eta berriz itzuli zen Boliviara, herrialdea zegoen egoeran ikusita hura uzterik ez zuela uste zuelako.

Datu sozio-ekonomikoen eta moralaren irakaskuntzaren dibulgatzailetzat zuen bere burua. Hogeita hamarren bat liburu argitaratu zituen bere bizitzan zehar, horien artean “Análisis crítico de la realidad” liburuaren 18 edizio argitaratu dira. Liburu honetan Bolivia, Latinoamerika eta Munduko datu ekonomikoen interpretazioa egiten zuen urtero, era errazean, edozeinek ulertzeko moduan. Bere beste liburu arrakastatsu bat “Formación en valores. El desarrollo de la dimensión ética de la educación” izan da 9 ediziorekin.
Olaztira etortzen zen bakoitzean bertako liburutegi publikoa bisitatzen zuen eta bertan bere hainbat liburu ikus daitezke.

PEDRO QUINTANA BENGOETXEA (1928)

Pedro Quintana borroka libre profesionalean aritu zen 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetan. Kirol munduan egindako ibilbide luzean, Espainiako txapelduna izan zen 22 aldiz, Europako txapelduna 7 aldiz eta munduko txapelduna 3 aldiz, guztietan pisu astun arinean. Kirol munduan “El Hércules Navarro” goitizena eman zioten. 1976. urtean kirol profesionala utzi zuen, 26 urtez aritu ondoren.

ÁNGEL BADOS IPARRAGUIRRE (1945)

Arte Ederretako katedraduna eta eskultura irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean. Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan hasi zituen ikasketak eta ondoren Bilboko Arte Ederren fakultatean eskolak ematen hasi zen. Han emandako tailerrek Euskal Herriko artista askoren lana bideratu eta bultzatu dute. Oso garrantzitsua izan zen 80ko hamarkadako euskal eskultoreen taldearen barruan, hau da, Jorge Oteizaren teoria estetikoaren eta lanaren eragina izan zuen taldean.

VICENTE ARGOMANIZ EGUIDAZU

Latineko katedraduna izan zen hainbat hiritan, hala nola, Melillan, Vigon, Zaragozan, Teruelen edo Donostian. Gizon eruditua izan zen, literatura eta mendia izan zituen zaletasun nagusiak. Asko maite zuen bere herria eta ahal zuen guztietan itzultzen zen Olaztira. Oso gustuko zuen bertako nekazari eta artzainekin hitz egitea zuzenean beraien ezagupenen berri izateko. 1974. urtean hil zen bat-batean, Donostiako Galarreta pilotalekuan pilota partida bat ikusten ari zela. Herriko plaza batek bere izena darama.

DOMINGO BADOS

Maisu aritu zen Olaztiko eskolan eta bertan asko nabarmendu zen bere dohain pertsonal eta pedagogikoengatik. Herriko errepublikanoen eta sozialisten zentroak bultzatu zituen. 1936ko uztailaren 25ean hil zuten. Herriko ikastetxe publikoak bere izena darama bere ohoretan.

JULIÁN POZUETA GALARZA “KELXINTE”

Olaztiko parrokoa izan zen Gerra Zibila hasi zen arte. Euskalduna eta abertzalea, hainbat artikulu idatzi zituen Amayur aldizkarian 1932 eta 1934 urte bitartean “Olazti Aldetik” izenburupean. Artikulu horietan garaiko egoera soziopolitikoa aztertu zuen. Testu hauek Joxemiel Bidadorren “Euskara Iruñeko kazetaritzan (1930-1936)-Testu antologia (II)” liburuan irakur daitezke.

CELESTINO POZUETA GALARZA (1898-1968)

1898ko maiatzaren 19an jaiotako musikaria. Musika ikasketak Olaztin hasi zituen eta ondoren Altsasun eta Iruñean jarraitu zituen: pianoa, organoa, harmonia eta konposizioa.

Txistu bandetarako euskal kutsuko partitura-sorta sortu zuen. Hauen artean “Iruñatarra” kalejira nabarmendu daiteke, “La escoba” izenez ere ezagutzen dena. Lan hau musika bandek jotzeko moldatu zuen Feliciano Beobidek. Beste lan ezagun batzuk konposatu zituen, “Urbasa”, “Goyerritarra” edo “Irimo” esaterako.

Urretxun hil zen 1968ko apirilaren 13an.

Celestino Pozuetak Txistulari aldizkarian argitaratutako artikulua