Olaztiko klima subatlantikoa da: hezetasun handia dago urte guztian, neguak hotzak dira eta udak, berriz, epelak eta zenbaitetan lehorrak. Itsasotik eta hasierako mendikateetatik (Aralar eta Urbasa-Andia) gertu egoteak Foehn efektua eragiten du, eta horrek prezipitazioak sortzen ditu Bizkaiko Itsasoko fronteen ondorioz. Horren eraginez, hezetasuna handia da eta uda garaian ez da lehorte nabarmenik izaten Olaztin. Elurteak eta izozteak maiz izaten dira neguan.
Urteko batez besteko tenperatura 10 eta 12 gradu zentigrado bitartekoa da eta urtaroen arteko aldeak oso nabarmenak dira. Hala, esate baterako, urtarrilean tenperatura gradu 1 eta 7 gradu artean dabil. Abuztuan, berriz, batez besteko tenperaturarik baxuena 13 gradukoa da eta altuena 25 gradukoa.
Urtean prezipitazioak 120-140 egunetan izaten dira, guztira 1.200-1.400 mm. bitartekoak. Pilatutako prezipitazio historikoa 151 litro/m²-koa da urtarrilean eta abuztuan, berriz, 45 litro/m2.
Ebapotranspirazio potentziala 600-700 mm-koa da.
Altsasuko meteorologia estazioko datuak
Hilabetea | Tenperatura (ºC) | Prezipitazioak (milimetrotan) |
---|---|---|
Urtarrila | 4,4 | 147 |
Otsaila | 5,4 | 123 |
Martxoa | 7,7 | 118 |
Apirila | 9,6 | 122 |
Maiatza | 12,9 | 111 |
Ekaina | 16,2 | 70 |
Uztaila | 18,6 | 42 |
Abuztua | 18,9 | 47 |
Iraila | 16,4 | 76 |
Urria | 12,5 | 125 |
Azaroa | 7,8 | 153 |
Abendua | 5,2 | 168 |
Urtekoa | 11,4 | 1.303 |