Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

BELENGO ANDRA MARIAREN BASELIZA ZAHARRA

Iturria: Fermín de Leizaola (1975).

Jada desagerturik dagoen Belengo Andra Mariaren baseliza (Santa Ana izenaz ere ezaguna) herrigunearen mendebaldetik 500 bat metrora zegoen, trenbidearen eta Burunda ibaiaren artean. Errepidearen eta trenbidearen parean zegoen. Etxe handi-handia zen eta gailurreko burdina forjatuzko gurutzea zuen kanpai-hormak baizik ez zuen salatzen baseliza bat zela. Aurretik gurdiendako bidea igarotzen zen, seguruenik antzinako galtzada erromatarra.

Oinplano karratukoa zen, hareharri horixkaz egindako harlaingaitzezko pareta lodiekin eta izkinetan harlanduzko harriekin. Kantoiek eta iparraldeko eta hegoaldeko fatxadek kontrahormak zituzten, zortzi guztira.

Fatxada nagusiak hegoaldera ematen zuen eta erdi-puntuko arkuko atea zuen, dobelak eta gakoa zituena. Atea orri bikoitzekoa zen, burdineriaz. Fatxadan bi leiho zituen eta bost leihaxka.
Barnealdean, aldarea adosaturik zegoen ekialdeko paretan eta zorua adreilu trinkozko lauza txiki errektangularrez osatua zegoen. Haritzeko habeek eutsitako koroa ere bazegoen.
Teilatuaren zuraje-egitura haritzezkoa zen eta estalkia bi isurialdekoa. Teila arabiarrak zituen, eta kanpai-horma kanpai bakarrekoa.

1971. urtean, agintari zibil eta erlijiosoek, baselizaren hondatze nabaria ikusita, hura botatzea erabaki zuten. Teilak parrokiako eliza konpontzeko aprobetxatu ziren eta harria saldu egin zuten. Material hauen artean hilarri batzuen zatiak eta kapitel bat aurkitu ziren, guztiak kareharri zuriaz eginak.
XVI. mendean baseliza garrantzitsuena Belengo Andra Mariarena zen, baita hobekien kontserbatutakoa ere, parrokiaren ondoren. Olaztin beste baseliza batzuk ere egon ziren: San Estebangoa eta San Adriangoa esate baterako. Lehendabizikoa zementu fabrikatik gertu zegoen eta San Adriangoa Urbasako bargan. Gaur egun, San Sebastiango baselizaz gain, beste baseliza txiki bat dago, Cementos Portland enpresarena.
Baselizari lotutako tradizioak:

López Sellesen arabera (1973) San Joan bezperan Olaztiko gazteak Ziordira joaten ziren hango suteak ikustera. Biharamunean, egunsentian, Batuekoko iturriraino igotzen ziren Ziordiko gazteekin batera eta handik, zerbait jan ondoren, jaisten ziren, gaueko ihintzak bustita. Orduko sineskeren arabera, ihintz horrek propietate bereziak zituen. Belengo baselizara jaisten ziren meza goizean goiz entzuteko, gazta jan eta ardoa edaten zuten zilarrezko katiluetan. San Joan bezperan Batuekoko iturrira joateko ohitura gaur arte mantendu da.

Halaber, lehorte gogorra zegoenean baselizara gerturatzen ziren errogatibak egitera.
1936. urtera arte, Santa Anaren egunean -uztailaren 26a-, meza nagusia egiten zen goizeko 11:00etan eta herritar guztiak joaten ziren Udalbatzak lagunduta. Segizioan joaten ziren herritik eta “txuntxuna” jotzen zen. Azpiko Dermioko zelaian ere jotzen zen, meza amaitu eta erlikiak musukatu ondoren. Erromeria alaia antolatzen zen, zortziko eta kalejirekin.