Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

OLAZTIKO IHOTEAK

Ostiral eta Larunbat Inauterian ospatzen dira “Ihoteak” Olaztin eta pertsonaia nagusiak Mari Arroka, Zamarrandiak eta Zamartxikiak dira.

Ostiralean Mari Arrokaren eguna da, bera baita Ihoteei sarrera ematen diena. Mari Arroka suzko igitai baten gainean hegaz joaten zen mendi batetik bestera. Gaur egun, gurdi baten gainean, Zamarroek eramanda, eta suzko igitaia eramanez kalerik kale ibiltzen da Mari Arroka. Herriko plazara ailegatzean Ihoteei ongi etorri ematen die.
Larunbatean, herri bazkaria egin ondoren, Zamarraundiak eta Zamartxikiak prestatzen dira kalerik kale ibiltzeko, musikak lagunduta. Segizio honen aurretik herriko alkatea eta alkatesa, auntzaiak, apaiza eta medikua joaten dira. Garai batean mutilek etxez etxe eskatzen zuten laborea udaletxera eramateko. Laborea saldu ondoren aipatutakoei ordaintzen zizkieten emandako zerbitzuak.

Neskak ere ateratzen dira, kapa moduan burusi bat daramate eta buru gainean saski bat koloretako zintez.

Zamarroak kaleetara ateratzen direnean jendea izutzen saiatzen dira. Gurdi bat bete lur daramate eta lurra jendeari botatzen diote. San Sebastian elizan jota dantzatu eta plazara iristean Olaztiko zortzikoa dantzatzen dute. Zamarrandiek eta Zamartxikiek neskak banan-banan hartzen dituzte zortzikoa dantzatzeko. Ondoren afaritxo bat egiten dute.

OLAZTIKO IHOTEEN JATORRIA

Gaur egun ospatzen den inauteria 1992. urtean berreskuratu egin zen. 1937. urtera arte, ordea, Olaztiko inauteria hiru egunez ospatzen zen.

LARDERO EGUNA: Egun honetan, auntzaia, baizaiak eta basozainak eske ateratzen ziren. Hauei eta medikuari ordaintzeko, herriak urtean bi labore eskeintza egiten zuen. Lardero egunean auntzaiak hartutako garaua udaletxera eramaten zituen. Auntzaiari lukarikia, urdaia eta arto buruak ere eramaten zizkioten.

DOMEKA ZAMARTXIKI EGUNA: Domeka arratsaldean ospatzen zen. Zamartxikiek aurpegia beltzez margotzen zuten edo ardi edo hartzaren maskara zeramaten; farak eta kamantxilak ere bai.

Kaleko haurrak izutzen zituzten eta hartzen zutenari aurpegia zikintzen zioten, izkutaturik zeramaten lokatzaz edo ongarriaz.

Zenbait neskek elizako saskitxoa erabiltzen zuten buru gainean koloretako zintekin apainduta. Aurpegian zapi txuria eta bizkarrean ohe-estalki bat kapa baten antzera.

Haurrek zamartxikiei hots egiten zieten: “Zomorro Txiki, txikitxon, la campanilla y el pantalón”.

ZAMARRAUNDI EGUNA: Asteartean ospatzen zen eta zomorroak leku guztietara iristen ziren. Zamarraundiek amari edo arrebari hartutako gona beltzaren gainean bi ardilarru zeramatzaten, bat aurretik eta bestea bizkarrean burua ere tapatuz. Farak zeramatzaten eta aurpegia zapi txuri batez estalirik.

Pertsonaia hauek oldarkorrak ziren egiten zituzten ekintzetan. Haurrek mendeku egiteko oihu egiten zieten: “Zamarro kaskarro, tripas de pájaro, tú con la bota y yo con el jarro”. Zamarroen oihuak eta irrintziak entzuterakoan ospa egiten zuten.

Zortziko, jota eta porrusaldarekin bukatzen zen inauteria eta Abemariak jotzen zuenenan mozorroak desagertzen ziren.