Egun udal bulegoak hartzen dituen eraikina 1920. urtean eraikia da eta Etxabarri familiaren etxebizitza izan zen (Etxabarri familia izen bereko zerrategiaren jabea zen). Interes handiko eraikina da, ez baita oso eraikin ohikoa landa-ingurunean: ez ditu herri eraikinen ezaugarriak, “kultu”-enak baizik, orduko korronte arkitektonikoekin bat dator eta (atzerapen txiki batekin, akaso). Modernismoaren kutsua du zalantzarik gabe. Dorre formako begiratokia, sileria eta eraikinaren konposizioa bera ditu elementurik nabarmenenak.
1997. urtean, eraikina eta inguruko aldeak erabat berritu ziren, udaletxea bere barnean har zezan. Eraikinaren atzealdean atxikita zeuden beste eraikin batzuk bota ziren, bertan gune zabal bat sortzeko. Ondoren, ate nagusia atzeko fatxadan jarri zuten, eta hura fatxada nagusi bilakatu.