Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

HANS CHRISTIAN ANDERSEN OLAZTIN

Idazle famatuak Olaztin bizitako pasarte labur bat kontatu zuen bere bidaia-liburu batean.

Hans Christian Andersen (Odense, 1805-Kopenhague, 1875) daniarra bere ipuin eta kontakizunei esker egin zen ezagun. Berrehun inguru idatzi zituen, horietatik asko berehala haur literaturako klasiko bihurtu (“Ahatetxo itsusia, “Enperadorearen arropa berriak”, “Sirenatxoa” beste askoren artean) eta hainbat hizkuntzara itzuli ziren. Sei nobela eta bidaia liburu asko ere idatzi zituen.

Andersenek hainbat bidaia egin zituen Europan zehar, Espainia barne. Herrialde hau 1862ko iraila eta abendu artean bisitatu zuen. Bidaia honetatik ateratako bizipenekin narrazio bat idatzi zuen, “Bidaia Espainian barrena”. Liburu honetako zati garrantzitsuenetakoan, “Sevillatik Biarritzera” izenekoan, Olaztin bizi izandakoak aipatzen ditu laburki.

Idazleak gure herriari buruz eraman zuen irudia ez omen zen oso positiboa izan. Olaztiko geltokira iritsi zen (garai hartan ibilbidearen bukaera zen) eta ez zen handik atera. Hala ere, bere liburuan leku ilun eta zikina zela esaten du eta egun hartan zebilen haize zakarra nabarmentzen du, bere herrialdeko haizearekin alderatuz. Bertako gastronomiarekin izan zuen esperientzia ere ez zen oso ona izan. Jan zituen ogi, urdaiazpiko eta ardoa ez omen zituen oso gustoko izan.
Hauxe da Olaztiri buruz idatzitako pasarte osoa:

Gau itxia zen Olatzagutiko behin-behineko geltokira iritsi ginenean. Bertan bukatzen da trenbidea. Ate gaineko karburozko lanpara bakarrak hiru itxarongelei ematen zien argia; zoruak eta pasilloek putzuak zituzten eta urtutako elurraren eta lur buztintsuaren eraginez zikinak zeuden.

Hemen edozeinek haize-bainuak har zitzakeen behin eta berriz, halako sendaketa nahi izanez gero, jakina; haizeak eta korronteak soplete baten aurrean jarri izan bagina bezala jotzen zuten. Hauxe al zen Espainian egotea?, pentsatu nuen. Hauxe al zen herrialde bero batean egotea? Antza gehiago zuen nire herrialdean, ipar urrunean, errepidea utzi eta ostatu bateko kortetan sartzen ginenekoarekin. Bertan ateak beti daude zabalik eta haizeak espazio hori zeharkatzen du ahoan elur zaporea utziz.

Olatzagutia nolakoa den ez dut ideiarik, ordu betez han geraturik egon ginen arren; inguratzen gintuen iluntasunean ez zen eraikinik ikusten. Lanpara bakarti batek elur mendixken gainera proiektatzen zuen bere argia. Han jatetxe bat bazegoela esan zuten, bidaiariek elurra belaunetaraino iristen zitzaiela ibili behar izan ziren bertara iristeko. Ni bertan geratu nintzen, geure ekipaia aurkitzeko itxaropenarekin eta gu eramango gintuen diligentzian sartuko zutela zainduz. Ia dozena bat auto zegoen bertan aparkatuta; batzuk Bibora zihoazen; beste batzuk, Iruñera; eta besteak, Baionara. Ekipaiako fardelak, maletak, lozakuak eta kapeluak gordetzeko kutxak neure begien aurretik igarotzen ziren elurraren islak argituta. Paketeak auto bakoitzaren gainaldera hain azkar botatzen zituzten, malabarismo jolas bat zirudiela; eskerrak eman beharko genituzke, han zegoen nahaspila eta iluntasunarekin, bakoitzaren fardelak auto egokira joaten baziren. Nik itxaropen guztia galdua nuen.

Hotz egiten zuen eta ni goseak nengoen. Nire bidaia-kideak jateko eta edateko batzuk ekarri zizkidan. Gure bidaia luzeetan gidatzen gaituzten Ariadnaren haria dira hauek eta bidaiak kontatzerakoan estaltzen saiatzen garenak. Ogia gogortua zegoen, urdaiazpikoa, lehorra eta izpiz betea; ardoak euri-ur epel anisduna edo edozein edabe garratz faltan botatzea ekartzen zuen.

Liburu osoa Alianza Editorialek argitaratu zuen.